home.social

#zifi — Public Fediverse posts

Live and recent posts from across the Fediverse tagged #zifi, aggregated by home.social.

  1. #Norda?
    "(1947-2016) #Basque author, the first and perhaps the most prominent sf author to write in Basque. Biharko oroitzapenak (coll of linked stories 1985; trans Arrete Hidalgo as Memories of Tomorrow 2022) and Teleamarauna ["Television"] (1987) are set in various epochs of a shared Future History whose first significant moment – a nuclear disaster that came close to crippling Basque Country in 1992,some time before World War Three..."via
    @SF_Encyclopedia #Zifi #literatura #writer #scifi

  2. Familia eta komunitate mota alternatiboak ZiFian

    Zientzia-fikzioak familia eta komunitate mota ugari aztertu ditu, eredu tradizionalei aurre eginez eta gizarte alternatiboak irudikatuz. Hauek dira orainaldian inspirazio iturri izan daitezkeen adibideetako batzuk:

    Ursula K. Le Guinen esperimentu komunitarioak

    Le Guinek familia eta komunitate egitura ezberdinak aztertu zituen bere obran. The Dispossessed eleberrian, gizarte anarkista bat aurkezten du Anarres planetan, non familia biologikoak ez duen hainbesteko garrantzirik, eta antolakuntza kolektiboagoa den. The Left Hand of Darkness lanean, Gueden planetako biztanleak androginoak dira eta sexua alda dezakete; ondorioz, familia-antolaketa guztiz desberdina da, genero-rol finkorik gabea. The Word for World Is Forest (Oihan hitzean mundua bezala euskaratua) eleberrian, gizartea kooperazioan eta indarkeriarik ezan oinarritzen da. Bertan, familia nuklear tradizionalik ez dago, haurren hazkuntza komunala da, eta guraso-rolak ez daude modu hertsian definituta.

    Diamond Age-ko phyle-ak (Neal Stephenson)

    Eleberri honetan, Stephensonek phyle kontzeptua aurkezten du: lurralde edo ahaidetasun biologikoaren ordez, balioen, interesen edo kulturaren arabera antolatutako komunitate globalak. Phyle-ak klan moderno gisa funtzionatzen dute, kideei hezkuntza, segurtasuna eta egonkortasuna eskainiz, eta mundu postnazional bateko gizarte-antolaketa modu nagusia bihurtzen dira.

    Embassytown-eko txanda-gurasoak (China Miéville)

    Eleberriak shiftparents (txanda-gurasoak) kontzeptua aurkezten du, familia-egitura ez-konbentzionala, non hainbat guraso-figurak gurasotasuna partekatzen duten. Eredu horrek familia nuklear tradizionalaren aurrean babes komunitarioko eta malgutasunezko eredu bat proposatzen du, giza eta estralurtarren arteko gizarte-harremanak irudikatuz. Hizkuntzak ere paper zentrala du nobelan.

    Binti tribua (Nnedi Okorafor)

    Binti eleberriko protagonista Lurreko Himba komunitate batetik dator, familia-lotura sendoak eta tradizioan oinarritutako egitura mantentzen dituenetik. Bere bidaian zehar, beste komunitate-forma batzuekin egiten du topo, baita izaki estralurtarrekin ere, elkar-ulermenean eta eraldaketan oinarritutako ahaidetasun sinbiotiko mota bat garatuz.

    The Fifth Season-eko comm-ak (N.K. Jemisin)

    Comm bakoitzak komunitate estu bat bezala funtzionatzen du, non kide bakoitzak zeregin zehatz bat duen. Egitura hau funtsezkoa da taldearen biziraupenerako, batez ere baldintza apokaliptikoetan. Harreman aniztasun handia dago, eta Jemisinek kasten eta botere-harremanen inguruko lanketa sakona egiten du nobelan.

    Hauek dira adibide batzuk; asko utzi ditut bidean. Besterik ezagutuz gero, animatu eta iruzkinetan edo Mastodon bidez erantzun.

    Irudia: https://www.flickr.com/photos/marcosdemadariaga/44310673845/in/photostream/

    #chinaMieville #etorkizunEspekulatiboa #familia #komunitatea #NKJemisin #nealStephenson #sciFi #ursulaKLeguin #ZiFi

    https://etzi.pm/familia-eta-komunitate-mota-alternatiboak-zifian/

  3. «Teknologiari» buruzko solasaldia

    Ursula K. Le Guin-ek 2005ean idatzitako hau egunerokoan ez ahazteko, euskarara ekarria. Teknologia dena eta ez dena, nola erabakitzen diguten gogorarazten digu testuak. Horri aurre egiteko, teknologia denon afera dela ulertzeko, teknologia beraren izaera bera zalantzan jartzea proposatzen digu Ursulak testuan.

    Changing Planes lanari buruzko aldeko kritika interesgarri batean, argentinar kritiko batek baieztatzen duenez, Le Guin zientzia-fikzio gogorreko idazlea ez denez, “teknologia kontu handiz saihesten duela”. Ohar bat idatzi nuen artikulu horren itzulpenean, eta hona hemen orain oin-ohar horren zabalpena — gaiak haserrea eragin didalako —.

    ZF “gogorra” teknologiari buruzkoa da, eta ZF “bigunak” ez du teknologiarik, ezta? Eta nire liburuek ez dute teknologiarik, psikologia eta emozioak bezalako gai xaloak bakarrik interesatzen zaizkidalako.

    Hori ez da zuzena. Nola liteke edozein benetako zientzia fikzioak eduki teknologikorik ez izatea? Bere interes nagusia ingeniaritzan edo makinen funtzionamenduan ez badago ere — nire lan gehienek bezala, adimenek, gizarteek eta kulturek nola funtzionatzen duten gehiago interesatzen baitzait —, hala ere, nola egin dezake inork etorkizun edo kultura estralurtar bati buruzko istorio bat bere teknologia, inplizituki edo esplizituki, deskribatu gabe?

    Inork ezin du. Ezin dut imajinatu zergatik nahiko luketen ere.

    Gizarte batek errealitate fisikoari aurre egiten dion era da teknologia: nola lortzen, gordetzen eta prestatzen duen jendeak janaria, nola janzten den, zein energia-iturri dituen (animali-indarra? ura? haizea? elektrizitatea? beste bat?) zerekin eta zer eraikitzen duten, bere osasungintza… eta abar. Agian oso jende etereoari ez zaizkio interesatzen gorputzeko kontu mundutar horiek, baina liluratu egiten naute, eta uste dut nire irakurle gehienei ere.

    Teknologia mundu materialarekiko giza interfaze aktiboa da.

    Baina hitza etengabe gaizki erabiltzen da azken hamarkadetako teknologia konplexu eta espezializatuak bakarrik adierazteko, baliabide naturalen zein giza baliabideen ustiapen masiboan oinarrituta.

    Hau ez da hitzaren erabilera onargarri bat. “Teknologia” eta “Teknologia aurreratua” ez dira sinonimoak, eta “aurreratua” ez den teknologia ez du zertan nahitaez “baxua” izan beharrik.

    Ehun eta berrogeita hamar urteko trebetasun teknikoaren etengabeko hedapenak hainbeste gogortu gaitu, ezen uste dugu ordenagailu batek edo bonbardaketa-hegazkin bat baino konplexuagoa eta ikusgarriagoa denak soilik merezi duela “teknologia” bezala izendatzea. Lihoa linazia gauza bera balira bezala — papera, tinta, gurpilak, labanak, erlojuak, aulkiak, aspirina pilulak, gauza naturalak balira bezala, gure hortzak eta hatzak bezala gurekin batera sortuak — kobrezko hondoa duten altzairuzko lapikoak eta beira birziklatuz eginiko txaleko polarrak zuhaitzetan haziko balira eta heldutakoan jasoko bagenitu bezala…

    Teknologia gehienak nahiko “aurreratuak” direla adierazteko modu bat da norberak bere buruari galdetzea: badakit horrelakorik egiten?

    Pospolorik gabe su bat piztu duenak, ziur aski, nolabaiteko errespetua izango du teknologia “baxu”, “primitibo” edo “sinple” horiekiko; pospoloekin sua piztu duenak, berriz, asmakizun teknologiko aurreratu bikain hori errespetatu beharko luke.

    Ez dakit hozkailu bat eraikitzen eta energiaz-hornitzen, ezta ordenagailu bat programatzen, baina ezta amu bat edo zapata pare bat egiten ere. Ikas nezakeen. Denok ikas dezakegu. Hori da teknologien alde ona. Egiten ikas dezakeguna dira.

    Eta zientzia fikzio oro, modu batera edo bestera, teknologikoa da. Baita hitzak zer esan nahi duen ez dakien jendeak idazten duenean ere.

    Hala ere, ados nago nire iritzi-emailearekin ez dudala zientzia fikzio gogorrik idazten. Agian zientzia fikzio erraza idazten dut. Edo agian gauza gogorra barruan dago, ezkutatuta — hezurrak bezala, exoeskeleto batekin alderatuta…

    — Ursula K. Le Guin, 2005

    Originala: https://www.ursulakleguin.com/a-rant-about-technology
    Irudia: https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Ursula_K._Le_Guin_signature.svg

    #etorkizuna #feminismoa #itzulpena #teknologia #UrsulaKLeGuin #zientziaFikzioa #ZiFi

    https://etzi.pm/teknologiari-buruzko-solasaldia/