#eburniko-kattana — Public Fediverse posts
Live and recent posts from across the Fediverse tagged #eburniko-kattana, aggregated by home.social.
-
Pirata paregabea
Mixel Etxegorria, aka Mitxel euskalduna
Euskal iruditerian, euskal herritarren kulturan, piratek pisu handia dute. Bizitza alaia eta askearekin lotzen ditugu, itsas zabalean kantore.
Halere, ez zaigu iduritzen Historiari ospe handiko piratarik eman diogunik. Kortsarioak bai, ugari. Baina irudiko luke biak, pirata eta kortsarioa, usu nahastu egiten ditugula. Kortsarioak beste ontziak erasotzeko legez daude baimenduta. Guda garaian edo gerra komertzialean txertatzen dira. Piratak, berriz, ez du baimenik eskatu, ez du beste batentzat lan egiten. Testuinguru historiko batean kokatzen da pirateria, batez ere Atlantikoan XVIII. mendean zehar ematen dena.
Beraz, irudimena eta kultura popularra dira gure piratak ezaugarritu dituenak.
Erreala eta fikzioa, biak ala biak, Mixel Etxegorriarengana batzen direla uste dugu.
Etxegorria lapurtarraren ezizena Euskalduna zen: the basque, le basque, el vasco. Beraz, euskal eremutik kanpo aritzen zela adierazten du horrek, euskaldunen artean euskalduna izatea ez baita ezaugarri bereizgarria.
Mixel euskaldunaren abenturak Emilio Salgarik fikzionatu zituen, Il corsari nero liburuan (1898), 1982ko euskal bertsioa dugu Jone Forkadaren eskutik, Elkar etxeko “itzul saila” miresgarri horretan (edizio honek marrazki liluragarriak ditu, G G B bezala kreditatua; interesgarria litzateke horren argitzea). Abentura saga honetan Mixel ez da euskaldun bakarra. Carmaux bera ere euskaldun gisa ezaugarritzen du Salgarik. Halere, aurrerago Salgarik ematen dituen xehetasunengatik, hura gaskoia zela esango genuke.
Ventimiglia jaunak, aka Kortsario Beltzak, eta bere lagunek Marakaiboko erasoan hartzen dute parte, Olondarra eta Migel euskaldunarekin batera, besteak beste.
Salgarik baino lehen, 1849an Emmanuel Gonzales-ek beste nobela bateko protagonista bihurtu zuen Mixel euskalduna,The Pearl Fisher of Santo Domingo: a tale of the buccaniers liburuaren pertsonaietakoa baita.
Izan ere, Mixel historikoa bukaneroa genuen, hau da, haragia keztatzen zuen Santo Domingon, gerora ontzietan hura saltzeko. Ogibide hori alboratuta, Marakaibokoetan ez ezik (bat baino gehiago izan ziren), Gibraltarren aurkako eraso aldian ere hartu zuen parte, esaterako, bai eta Olondarrarekin batera hartu ere. Espainolek gogor jazarri zuten, baina ez zuten atxiki.
Hau dena, baina, XVII. mendean zehar izan zen, pirateriaren urrezko aroa baino lehen. Berez, Migel ere ez zen pirata berdinzalea, agintekeriak gaizki tratuagatik matxinatu zen horietakoa.
Baina kultura herrikoiaren bestelako adierazpenetan ere topatzen ahal dugu Mixel euskalduna. Marvel-en komikietan, 1990. urteko Doctor Strange-ren abentura batean, hain zuzen ere. Zeinek eta Roy Thomas-ek sinatua.
Azkenik, sarean agertzen den Etxegorriaren beste irudi oso zabaldua, Salgariren liburuak baino zaharragoa da, eta Gonzalesen liburuaren garaikidea: 1851ean Allen & Ginter tabako fabrikak egindako promoarena, kromo bildumagarri sorta batean. Litografia George S. Harris and Sons konpainiak egina da, eta Wikimedia Commonsen dago Domeinu Publikoan.
Allen & Ginter (American, Richmond, Virginia)Michael Le Basque, Each Man with a Prisoner, from the Pirates of the Spanish Main series (N19) for Allen & Ginter Cigarettes, ca. 1888American, Commercial color lithograph; Sheet: 1 1/2 x 2 3/4 in. (3.8 x 7 cm)The Metropolitan Museum of Art, New York, The Jefferson R. Burdick Collection, Gift of Jefferson R. Burdick (Burdick 201, N19.14)http://www.metmuseum.org/Collections/search-the-collections/408737 -
Inplosio handia kultura popularrean dokumentatua
Ereitenekoek egindako aipamenaren haritik, Jason W. Moore-ren artikuluek deskribatzen duten munduari buruzko gogoeta egin nahi dugu. Mundu hori, esan gabe doa, kapitalaren aroarena da. Mundu mailako ekologia deitu ahal diogu ere, munduan zehar kapitalak bizimodua ez ezik bizia ere aldatu zeneko mundua.
Mooren ideiak aintzat hartuta fikziozko bi lan aipatzeko asmoa dugu.
Lehena Evangelistiren trilogia amerikarra dugu (Antracite; One Big Union; Noi saremo tutto). Lehen biak gazteleraz eman ditu Hoja de Lata argitaletxeak; frantsesez, ordea, ez ditugu topatu.
Evangelistik osatzen duen kontakizun gordin, odoltsu eta erruki gabekoan, Moore-ren ahotsa behin baino gehiago entzun dugu. Emakumeen biologizazioa merkantzia merke gisa, ekosistema eraldatzea eta kapitalaren arteko harremana edo jendearen bizi maila hobetzea garapen ekonomikoaren xedea dela gezurtatzean, esate baterako.
Horregatik IWW-ren leloetakoa Mooreren orrialdeetan topatzea oso hunkigarria izan da: “An injury to one is an injury to all”.
Bigarrena Kim Stanley Robinson-en The ministry for the future dugu. El ministerio del futuro; Minotauro, 2021. Le ministère du future, Bragelonne, 2024). Zientzia fantastikoaren itxurapean, Robinsonek biosfera kapitalaren atzaparretik salbatzeko ekintza sorta biltzen du nobela honetan. Euskal kooperatibak barne. Honek, Moore-en beste bi ideiekin elkar gurutzatzen da. Lehena, kapitalak ez ezik gainontzekook ere gure testu ingurua, gure bizi baldintzak, sortu behar ditugula. Bigarrena, borroka bide bat ere ez dagoela soberan, eta askotan borroka bideak ez direla hitza entzutean denok buruan ditugunak. Ildo horretan, liburu honek lagungarri izan beharko luke dianak non jarri fintzerakoan: erregai fosilaren industrian, hain zuzen ere; eta, era berean, ez baztertzea beste edozein bide, zeinahi dela ere. Ekintza zuzenetik biderik erreformistena ere jasotzen du Stevensonek, beharrezkoa den edozein bidea, berotzea zer den, nondik datorren eta haren esanahia ondo ulertuta. Gurean pil-pilean dagoen gaia, beraz.
Bestalde, Moore-ren lanak euskaraz ez baditugu ere, Robert B. Marks-en hau bai: Mundu modernoaren sorrera. Kontakizun global eta ekologiko bat. XV. mendetik XXI. mendera arte (EHU, 2015). Wallerstein handiarekin txertatzen dira biak ala biak. Horren adarrean, esaterako, Rediker eta Linebaugh ditugu ere. Autore hauen inguruan bestelako ideia datorkigu burura: kapital aroaren ezinbesteko polinizatzaileak elkargo merkatariak izan genituen, bai eta haren nolabaiteko aldaera ere: itsasoaren beste aldeko bortxazko lanak. Kapitalaren eragile hauek guztiek abenturazale moduan hartu ditugu maiz, gure edozein herriko plazetan eta kale izendegi ditugu gizon hauek. Haien garaipena etengabe ikuskatzen.
Alor honi lotutako hainbat komiki aipatuko nahi ditugu jarraian, Moore-k definitzen duen izakia eta gizakiaren arteko ezberdintasuna ederki islatzen dutelakoan. Hau da: gizon-emakume batzuk, gehienak, gizaki izatetik izaki hutsa izatera pasa dira Historian zehar. Non eta “Pasa dira” esan nahi duen bihurtarazi dituzte. Bortxakeria nahiz zibilizazioaren hala kontzeptua nola heziketa eta erlijioa erabilita Natura, Emakumea eta Herriak biologizatuak izan dira, merkantzia ala eskulan merkea bihurtuta. Militarismoa, sexismoa, arrazakeria, hirutasun santua.
Komiki asko berrirakurri dezakegu orain ikuspuntu horren pean. Horietako batzuk:
– Bollée eta Nicloux-en Terra Australis eta Terra Doloris.
– Montainge eta Dorison-en 1629.
– Savoiaren Les esclaves oubliés de Tromelin – Los esclavos olvidados de Tromelin.
– Rediker eta Lester-ren Soto il vessillo di Re Morte
– Begoña eta Sarralderen Argia iraungi zen tokia
Eta, nahiz eta beste garai batean eman, Sacco-ren Días de destrucción, días de revuelta – Jours de destruction jours de revolte (Chris Hedges-ekin) edo Un tributo a la tierra – Payer la terre.
Zerrenda luzeagoa da, noski. Nahi adina luzatu!
Irudi nabarmendua: File:Slaves cutting the sugar cane – Ten Views in the Island of Antigua (1823), plate IV – BL.jpg
Irudia testuan: African_Slaves_working_in_a_sugar_plantation_in_Barbados%2C_1807-1808.jpg
#ZiFi #EburnikoKattana #ekonomia #fikzioa #inplosioa #komikia
https://etzi.pm/inplosio-handia-kultura-popularrean-dokumentatua/